Bilduma - fourniermuseoa
La colección del Museo de Naipes EUS
Bilduma
Arabako Fournier Karta Museoko bilduma 1916an hasi zuen Félix Alfaro Fournierrek. Heraclio Fournier hil zenean, bere ilobak ordeztu zuen karta fabrikaren buru gisa, eta hura izan zen museo honen bildumaren sustatzailea. Haren bildumazaletasunak, kartagile gisa zeukan interes profesionalaz gainera, karta bilduma hastera bultzatu zuen, bere aitonak gorde zituen eta bilobak bulegoan aurkitu zituen XIX. mendeko bi karta sorta espainoletatik abiatuta.
Bilduma hainbat erosketa eta bildumazaleen eta norbanakoen dohaintzaren bitartez handituz joan zen. 1970. urtean enkante batean Thomas De La Rueren bilduma erosi izana garrantzi berezikoa izan zen. Bilduma hori ordura arte Londreseko British Museum museoan zegoen. Eskuratze horren bidez, Europan kontserbatzen diren karta zaharrenetakoen ale batzuk sartu ziren bilduman.
1984an, Arabako Foru Aldundiak bilduma erosi zuen eta 1986tik aurrera Arabako Arte Ederren Museoko ikusgai jarri zuen zenbait aretotan. Horren ondoren, bildumaren funtsak ugarituz joan ziren eta, era berean, haientzako leku egokiago baten beharra ikusi zen. Hala, 1994az geroztik, Arabako Fournier Karta Museoko egoitza Bendaña jauregian dago.
Mundu osoko karta sortak gordetzen dira museoan. Ganjifak nabarmentzen dira, Indiako karta sortak, borobilak eta eskuz apaindutakoak kolore biziak erabiliz. Edo karta sorta japoniar delikatuak, hainbat jokotarako erabil daitezkeenak, bai eta olerkigintza ikasteko ere. Karta sorta txinatar eta pertsiarrak ere badaude, karta txiki-txikiak dituztenak; horrek urruneko lurretako karten jatorriari buruz pentsarazten digu. Karta sorta europarrek ere palo eta figura ugari dituzte; hala, konbinazio eta arau desberdinei jarraituz, makina bat jokotarako erabili daitezke.
Funtsen zati handi bat Espainian Erdi Arotik gaurdaino fabrikatutako karta sortek ere osatzen dute. Horien artean, Fournier enpresakoak nabarmentzen dira, bai eta beste fabrikatzaile batzuenak ere (Durá, Comas, Roura, Guarro, Torras y Lleó, etab.).