El edificio EUS

edificio Museo Naipes

Bendaña jauregia

Bendaña jauregia Arrieta-Maestutarren etxebizitza gisa eraiki zen, eta familia horien armarriak ikus daitezke eraikinaren zenbait lekutan. Familiaren orube batean egin zen XVI. mendearen erdialdeko urteetan, Erdi Aroko dorre baten hondakinen gainean. Juan López de Arrietak lehenengo obrak bultzatu eta aldez aurretiko eraikinak eta hondakinak berrantolatu zituen. Garai hartakoak dira armarriek, bolen alfizak eta kordoiak nabarmendutako atea, bai eta fatxadako zenbait leiho ere.

 

edificio Museo Naipes

 

Haren semeak, Pedro López de Arrietak, eta María Eskoriatzak Errenazimenduko jauregi honen zati nagusia eraikitzea agindu zuten: arkudun galeriak hiru solairuetan, eta gelen barne banaketa (horien artean, ganga oktogonal izardunak estalitako eskailera nabarmentzen da). Obra horiek Domingo Orio hargin gipuzkoarrak egin zituen. Handik gutxira, eraikinari beste egitura txikiagoa gehitu zitzaion, galeriarekin eta ertzeko dorrea eta guzti.

 

edificio Museo Naipes

 

Horren ondoren, Arrietatarren jauregia Bendaña leinuari lotuta geratu zen (eta handik datorkio gaur egungo izendapena). XX. mendean Teodoro Agirreren Semeen tailer eta erakusketa areto gisa erabili zen, harik eta Arabako Foru Aldundiak erosi zuen arte.

Nahiz eta erabilera anitz izan eta zenbait garaitan utzia egon, eraikinaren egituraren eta apaingarrien funtsezko zatiek gaur egun arte iraun dute. Eraikina sendotzeko eta bertan instalazioak eta sarrera berriak egiteko lanek ahalbidetu dute haren erabilera museora egokitzea. Bendaña jauregia Arabako Fournier Karta Museoaren egoitza da 1994tik.

1997tik, gainera, Kultura Ondasunaren kalifikazioa du, multzo monumentalaren kategorian, Gasteizko alde zaharreko zatia den aldetik.

 

edificio Museo Naipes

 

edificio Museo Naipes