FICHA DETALLE-HERACLIO FOURNIER EUS

Heraclio Fournier González

Heraclio Fournier González karten fabrikatzailea izan zen, gaur egungo Naipes Heraclio Fournier S.A. enpresa sortu zuena.

Burgosen jaio zen 1849an; aitonak, François Fournierrek, udalerri horretan finkatu zuen bizilekua 1785ean, Frantziatik etorrita. Heraclioren anaietariko batzuek ere karten fabrikazioan jardun zuten, Burgosko “Fournier Hermanos” markaren pean.

1870eko maiatzaren 1ean Heraclio Fournier Nieves Partearroyorekin ezkondu zen, eta urte horretan bertan bizilekua hartu zuen Gasteizen; lehenengo lanak Plaza Berriko inprimategi batean bete zituen. Bertan, gainera, idazmahaiko materiala eta era guztietako inprimakiak saltzen jardun zuen. Handik gutxira, kartak inprimatzen eta saltzen hasiko zen.

 

 

Produkzioa gehitu zenean, leku handiagoaren beharrak, hiriko beste tailer batzuetara aldarazi zuen negozioa eta, han, kartak egiteko eta diseinatzeko prozesuak hobetuz joan zen. Bere ekoizpenetik kromolitografia bidez egindako zenbait karta sorta nabarmendu behar dira; horietariko batzuen ekoizpenean 12 kolore ere erabili zituen. 1887an, Sur kalean jarri zuen fabrika, tren geltokiaren ondoan.

1875. urte aldera, Heraclio Fournierrek karta sorta bat diseinatzeko agindu zien Marrazketa Eskolako Emilio Soubrier irakasleari eta Ignacio Diaz Olano margolariari. Handik urte batzuetara, 1889an, Augusto Riusek karta sorta hori birdiseinatu zuen, eta konpainiaren enblematikoena bilakatzea lortu zuen; gaur egunera arte iritsi da aldaketa gutxirekin.

Urte horretan bertan, hau da, 1889an, Heraclio Fournierrek brontzezko domina jaso zuen Parisko Mundu Erakusketan, bere karten diseinu eta kalitatearengatik.

 

 

Heraclio Fournier oso berritzailea izan zen enpresan hobekuntza teknikoak eta lan arlokoak sartzean: karten kalitatea hobetzeko inprimatze prozesu berriak ikertu zituen, telefono lineak eta lurrun makinak jarri zituen eta “Sociedad de Socorros a Enfermos” izeneko elkartea sortu, langileak, haietako asko emakumeak, artatzeko. Halaber, VITORIA izena zabaltzen lagundu zuen, karta sortarik gehienetan hiriaren izena sartu baitzuen bateko urrean.

1916an hil ondoren, fabrikaren erantzukizuna Félix Alfaro Fournier bilobak hartu eta marka gehiago hedatzeaz arduratu zen, merkatu nazionalaz jabetuz eta karta sortak nazioartean ere zabalduz. Félix Alfarok gaur egun Arabako Fournier Karta Museoan erakusten diren karta sorten bilduma ere hasi zuen. Museo hori egun Arabako Foru Aldundiaren mendekoa da.

Urteak joan eta urteak etorri, enpresak bestelako izenak hartu zituen, hala nola “Viuda e Hijos de Heraclio Fournier”, eta, horren ondoren, “Hijos de Heraclio Fournier” eta “Heraclio Fournier S. A.” Gaur egungo enpresak karta sortak ekoizten jarraitzen du mundu osorako Arabako Gojain herrian.

 

Bibliografia 

 

ALFARO FOURNIER, Félix: Los Naipes. Museo Fournier, Vitoria-Gasteiz,
Heraclio Fournier S.A., 1982

ALFARO FOURNIER, Félix: Los Naipes II. Museo Fournier , Vitoria-Gasteiz,
Heraclio Fournier S.A., 1988

SUAREZ ALBA, Alberto: A Vitoria Barajas , Vitoria-Gasteiz, Arabako Foru
Aldundia, 1991

Museo Fournier de Naipes de Álava. Catálogo. Tomo III , Vitoria-Gasteiz,
Arabako Foru Aldundia, 1994

Museo Fournier de Naipes de Álava. Catálogo. Tomo IV , Vitoria-Gasteiz,
Arabako Foru Aldundia, 1997

AGUDO RUIZ, Juan de Dios: Los naipes en España , Vitoria-Gasteiz,
Arabako Foru Aldundia, 2000

DEL SANTO NOGAL, Gregorio: La Saga de los Fournier en Burgos en el
siglo XIX, La Sota , Madril, ASESCOIN, 2016

Heraclio Fournier González

[Burgos, 1849ko martxoaren 2a – Vichy, Frantzia, 1916ko uztailaren 28a]
Argazkia: Kaulak