Las Voces de la Causa: propaganda y difusión del Carlismo EUS - fourniermuseoa
Eduki publikatzailea

1937ko harri litografikoa eta “18 de julio” karta sorta
Fournier Karta Museoak bere bildumako zenbait pieza maileguz eman ditu Nafarroako Gobernuaren Karlismoaren Museoak antolatutako “Kausaren ahotsak: Karlismoaren propaganda eta hedapena” erakusketarako. Lizarran dago ikusgai, 2020ko azaroaren 27tik 2021eko apirilaren 11ra bitartean.
Erakusketan ikus daitezke karlismoak sortutako propaganda eta zer bide erabili zuten hura hedatzeko, bereziki azken karlistaldiaren ondoren. Zabalkunde material horien artean, ikusgai daude Heraclio Fournier S.A.k 1963an fabrikatutako karta sorta bat eta 1937. urte inguruan Burgosen egindako harri litografiko interesgarri bat.
Karta sortaren izenburua “18 de julio” da. Atzealdea Carlos Sáenz de Tejadak diseinatu zuen (Tanger, 1897/06/22 - Madril, 1958/02/23), eta Xabier I.aren enblema eta proklama hau ditu: “Por Dios, la Patria y el Rey”. Bat dator egile berak 1939ko egutegi baterako egin zuen beste osoago batekin.
Harri litografikoak, gainazalean, publizitate eta inprimakien zenbait zati ditu, bai eta enpresa eta erakundeen idazpuruak, karta sorten atzealdeak eta zigiluak edo binetak ere. Azken horien artean, nabarmentzekoa da erreketeen aldeko 25 zentimoko kupoia, izenburu hau duena: “1933 – 1937. Albores de la Guerra Civil: Zumalacárregui salió de Pamplona”. Leocadio Muro Urrizak (Iruñea, 1897 – 1987) diseinatu zuen, eta R. Huertak litografiatu. Bineta horiek Burgosen inprimatu ziren, “Braulio Fournierren alaba” (Teresa Fournier) litografia lantegian.
Lekua
Karlismoren Museoa, Lizarra
Izenburua
Kausaren ahotsak: karlismoaren propaganda eta hedapena
Datak
2020/11/27 – 2021/04/11