ALDI BATERAKO ERAKUSKETA Barcelona-Sevilla 29 Fournier 1929ko erakusketetan - fourniermuseoa
Eduki publikatzailea
ALDI BATERAKO ERAKUSKETA · Barcelona-Sevilla, 29 · Fournier 1929ko erakusketetan
Barcelona – Sevilla, 29 (Fournier 1929ko erakusketetan) erakusketak Arabako Fournier Karta Museoaren bildumaren karta multzo esanguratsu bat ezagutzeko aukera emango du, “Viuda e Hijos de Heraclio Fournier” enpresak 1933ra arte egindako ekoizpenari dagokiona. 1916an Heraclio Fournier hil ondoren, Nieves Partearroyo haren alargunak eta Félix Alfaro bilobak hartu zuten enpresaren gidaritza.
Garai horretan, Gasteizko karta fabrikak egindako karta sorten motak eta diseinuak areagotu ziren , eta horietako asko 1929an Sevillan eta Bartzelonan egin ziren erakusketetan erakutsi ahal izan ziren.
1929 eta 1930 bitartean izandako Sevillako Erakusketa Iberoamerikarra eta Bartzelonako Nazioarteko Erakusketa erakusleiho garrantzitsuak izan ziren Fournierrentzat. Erakusketa horiei esker, Fournierrek hedapen zabalagoa izan zuen nazioartean. Bi egoitzetan, Fournier fabrikak bere produktuak erakutsi ahal izan zituen, baita inprimaketa prozesuen berrikuntza tekniko batzuk ere, kartei kolore gehiago emateko eta kalitate handiagoa lortzeko.
Horren adibide izan zen "Naipe Histórico Ibero Americano" delakoa, bi erakusketetarako bereziki diseinatua eta ekoiztua izan zena. Karta sorta iberoamerikarrak arrakasta handia izan zuen Sevillan eta Bartzelonan souvenir gisa.
Tokiko, nazioko edo nazioarteko erakusketak ekoizleak eta haien berrikuntzak ezagutarazteko aukerak ziren, baina baita lurralde bakoitzeko garapen teknologikoa eta baliabide ekonomiko eta turistikoak erakusteko ere.
1929an, Fournier enpresa, beste sektore batzuekin batera, Sevillara joan zen, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien eta Merkataritza Ganberen bultzadari esker. Euskal ordezkaritza komertziala eta instituzionala izan zen. Garai hartan enpresa aktiboenek zer ekoizten ari ziren erakusteko aukera izan zuten. Erakundeek ere beraien lurraldeen aberastasuna, kultura eta beste baliabide batzuk ezagutarazi zituzten, hauen artean, XX. mendearen lehen laurdeneko turismoaren lehen urratsak.
Erakundeek bi pabiloiak eraikitzen lagundu zuten. Bertan, enpresen ekoizpena erakusgai egon zen, eta hainbat pintura, eskultura eta beste objektu artistiko batzuk ere erakutsi ziren. Baita ere, hiru aldundiek, hiriburuetako udalek eta aurrezki kutxek datu estatistiko eta ekonomikoak jakinarazi zituzten.
Sevillako Euskal Industriaren Pabiloian, Fournierren kartekin batera, Arabako eta Euskal Herriko enpresetatik ateratako ardoak, likoreak, nekazaritzarako makinak, erlojuak, kanpaiak eta beste produktu batzuk ikusi ahal izan ziren.
Urte berean, Fournier Bartzelonako Arte Grafikoen Pabiloian ere egon zen, inprimaketarekin lotutako beste industria batzuekin batera eta stand deigarri bat ezarriz. “Viuda e Hijos de Heraclio Fournier” fabrikaren karten kalitatea saritzeko, zegokion dominaz gain, Ohorezko Diploma ere jaso zuen erakusketa horretan. Sevillan, aldiz, Sari Nagusiaren domina jaso zuen, baita Ohorezko Aipamena ere, karta sorta iberoamerikarraren diseinuengatik.
Aiztogile, 54